

Bukatu dira final erdiak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Erabakita geratu da zein bertsolari arituko diren Ilunen, abenduren 18an. Puntuazioz, atzekoz aurrera sailkatu dira: Jon Martin, Alaia Martin, Agin Rezola, Unai Agirre eta Aitor Sarriegi. Arrasaten irabazita finalean kantatzeko eskubidea eskuratu zuen Benat Gaztelumendik , Tolosan Jexux Mari Irazuk eta igandean Galarretan Inaki Apalategik.
Beasaindarra izan zen azkeneko final aurreko sorpresa nagusia. Aurretik erakutsia zuen bertsotarako duen abildadea eta igandean oraindik ere ageriago geratu zitzaien bertsozaleei. Aurreko faseetan baino orekatuago eta erregularrago aritu zen Apalategi. Ia ariketa guztietan asmatu zuen eta bakarkako kartzelan jo zuen goia. Kontatzeko era berezia du beasaingo bertsolariak eta entzuleek estimatzen dute bere bertsokera . Merezitako saria eraman zuen Inaki Apalategik Galarretan. Agin Rezola eta Alaia Martinekin batera aurpegi berriak dira finalean eta hiruak ere, udaberrian abiatutako sailkapen fasetik azkenera arte iristea lortu dute, eskailera mailak banaka igota.
Apalategi lehen tokian sailkatzea ez zen sorpresa bakarra izan igandeko final aurrekoan. 480 baino ez zituen lortu lehen sailkatuak eta aurreko bi final erdiekin alderatuta puntuazio baxua da hori. Egia da, Galarretako saioa ez zela lehertu, puntutako saioak adibidez Arrasaten eta Tolosan baino exkaxagoak izan zirela eta kartzelako ariketan ere ez zela lan bat bereziki besteen gainetik nabarmen geratu. Baina sei bertsolariak oker handirik egin gabe aritu ziren saio osoan zehar.
Galarretan aritu zen seikotean gora behera gehien ibili zituena Jon Martin izan zen. Saioa ederki hasi zuen, irudi poetiko ederrak utzi zituen ariketa ezberdinetan baina bakarkakoan osatutako istorioa ez zen entzuleengana hainbeste iritsi. Hala ere, epaimahaikoen iritziz bigarren egin zuen Jon Martinek eta juxtu lortu du finalera sartuta, Felix Zubiarekin puntutan berdinduta egon arren oiartzuarrak egin du aurrera.
Hernaniko final erdian, Mantxik eta Ainhoa Agirreazaldegik lan politak osatu zituzten eta bereziki nabarmentzekoa da Jokin Urangak erakutsitakoa. Zale ugari gerturatu zitzaizkion Galarretara eta sei puntuko motzean adibidez goia jo zuen azpeitiarrak.
Amaia Agirre, gure eskualdeko ordezkaria izan zen, dudarik gabe, saio orekatuena egin zuena joan den igandean. Ariketa guztietan asmatu zuen eta 8ko handian Jon Martinekin batera erakustaldia eskaini zuen. Puntukako saioan Ainhoa Agirreazaldegirekin eta Mantxirekin sei puntuko motzean ederki eutsi zion Amaiak eta hiru bertso hunkigarrirekin eman zuen errematea kartzelan. Nahiz eta inoiz baino kontzentratuago, inoiz baino lasaiago eta zentratuago aritu bertsotan, epaimahaiak emandako puntuak ez zaizkio nahikoak Amaiari finalean egoteko;
<< Apalategi puntuak erantzuten
Tolosan erabaki zen Igandean Ilunbeko finalean arituko den bigarren finalista. Eskualdean egin zuen geltokia Gpuntuak eta Donostiarako bidean eskualdeko bertsolariak hartu zuen trena bertan: Jexux Mari Irazuk. Saio erregularra egin zuen larrauldarrak Tolosan. Puntu erantzunetan, 8ko handian eta 6 puntuko motzean bere lanak ederki bete zituen. Puntutan Benat Lizasorekin batera eta batez ere kartzelako bakarkako ariketan jo zuen goia Jexux Mari Irazuk. Beretik kantatu zuen, aitari erreferentzia eginez. Onatiko saioan erakutsi bezala, Tolosan ere, bakarkakoan egiteko gai dena erakutsi zuen gure eskualdeko bertsolariak. Saio erregularra egin zuen baita ere, hirugarren sailkatuak, Unai Agirrek. Oholtza gainean beti erakusten duen segurtasunaz jardun zuen igandean Usabalen. Bertsotarako berezkoa duen erraztasuna erakutsi zuen bereziki 8ko txikian, puntutan, Aitor Sarriegikin batera. Sei bertso osatu arte aritu behar izaten dute bertsolariek ariketa honetan eta oharkabean zazpigarrena ere osatu zuten biek. Aitor Sarriegik gora behera dezente bizi izan zituen igandeko saioan. Aipatutako puntutako saioan edota 6 puntuko motzean ederki aritu zen, bertsotarako duen berezko sena erakutsiz. 8ko handian eta kartzelan, lana ezin borobildu aritu zen eta okerrik handiena, lehen ariketan, puntu erantzunetan egin zuen. Bigarren bertsoan, poto nabarmena egin zuen beasaingoak. Hala eta guztiz ere, bigarren postua eman zioten epaileek eta itxura denez, finalean kantatzeko aukera izango du Sarriegik. 6 puntuko motzean, Aitor Sarriegik ofizioa Inigo Izagirrerekin osatu zuen. Egoera politikoari begiratu zioten biek, itziarkoa itxaropentsu zegoen eta beasaingoa berriz ezkor azaroaren 20ko hauteskunde emaitzei begiratuta. Biek ala biek gaiari egoki heldu zioten. Inigo Izagirrek, behetik gorako saioa egin zuen eta 6 puntuko motzean eta kartzelan egindako lanagatik nabarmendu zen igandean. Bakarkako ariketa horretan, hiru bertso gogoangarri bota zituen. Umorez, neska lagunaren zain erlojuari begira dagoen mutilaren paperetik kantatu zuen itziarkoak. Usabalera gerturatutako bertsozaleek ederki gozatu zuten Izagirrerekin. 8ko handian, Inigo Izagirrek, Benat Lizasorekin kantatu zuen. Askorentzat azpeitiko bertsolaria izan zen igandeko finalerdiko sorpresa atsegina. Inigo Izagirreren alderantzizko bidea egin zuen Benatek. 6 puntuko motzean, azkeneko bertsoak ihes egin zion eta kartzelakoa ez zuen nahi bezala borobildu. Ordura arte, ordea, dotore aritu zen Lizaso. Puntuetan, ordea, ez zen hori islatu eta azkeneko tokian jarri zuten epaimahaiko kideek. Lan puntuagarriak bukatuta, Jexux Mari Irazuk lortu zituen puntu gehien, beraz bere tokia ziurtatu du larraulgoak Ilunbeko finalean. Atzetik, finalean sartzeko aukerak dituzte Aitor Sarriegik eta Unai Agirrek. Bidean geratu direnak, berriz, Inigo Izagirre, Nerea Elustondo eta Benat Lizaso dira. Hurrengo igandean, abenduaren 4an argituko da guztia Hernaniko Galarreta frontoian. Amaia Agirre, eskualdeko beste ordezkariak kantatuko du bertan.
<< Elustondo puntuak erantzuten
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak badu lehen finalista: Benat Gaztelumendi. Arrasaten Uarkape frontoian jokatutako saioan lortu du Ilunberako txartela anorgakoak. Saio bizia izan zen larunbatekoa. Banan-banan oholtzaratuko dira bertsolariak final erdietako saioetan. Lehen ariketa, beraz, kartzela modukoa izango da: aurrena agurra kantatu eta ondoren hiru punturi erantzun beharko diote bertsolariek. Arrasateko saioan sei bertsolariek ondo bete zituzten beren lanak. Alaia Martinen erantzunak izan ziren puntuatuenak epaileen aldetik. Zortziko handian ofiziotan jarraitu zuten bertsolariek beren lana. Ariketa hau izan zen baxuena saio osoan. Beñat Gaztelmendi eta Alaia Martin, Iban Urdangarin eta Agin Rezola eta Felix Zubia eta Iker Zubeldia aritu ziren bikoteka. Azkeneko ofizio hau iritsi zen gehien jendearengana. Alde batetik, erreferentzi asko eta arrazoi borobilak erabili zituelako Felix Zubiak eta bestetik, Iker Zubeldiak ohikoa duen umorearekin kolpe orijinalak ematea lortu zuelako. Bertsozaleak asko estimatzen duen ariketa da puntukakoa, saio biziak ateratzen direlako eta bertsolaria probatzeko balio izaten dutelako. Arrasateko saioan ez zen puntako ofiziorik entzun ariketa honetan, baina giroa berotzea lortu zuten Benat Gaztelumendik eta Iker Zubeldiak. Bizi-bizi umorez jardun zuten biak ere. Sei puntuko motzean segitu behar izaten dute bertsolariek final erdietan. Arrasateko saioan ariketa honetan jarritako gaiak seriotik aritzekoak ziren. Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia saiatu ziren umoretik hartzen, baino bertsoaldia ezin izan zuten borobildu. Agin Rezolak eta Benat Gaztelumendi haurdun dauden bi emakumeren paperean kantatu zuten eta saio polita osatu zuten. Hala ere, ariketa honetan, Felix Zubia eta Alaia Martinek egindako lana nabarmendu liteke. Larrialditan aritzen diren bi medikuren ahotik kantatu behar izan zuten biek, eta Felixek ez zuen asmakizun handirik egin behar izan, berezko ofizioa baitu medikuarena. Elkarrizketa ederra osatu zuten biek. Azkeneko ariketa puntuagarria kartzelakoa zuten bertsolariek. Dimisioa eman zuenaren paperetik kantatu behar zuten bertsolariek. Gehientsuenek politikariak izango balira bezala kantatu zuten, Felix Zubiak Patxi Lopez balitz bezala; Berlusconiren ahotik Agin Rezolak eta Alaia Martinek; herriko alkatearen lekuan jarri zen Iban Urdangarin; Berriako zuzendari gisa Benat Gaztelumendi eta bertsotan aritzeko tailerreko lana uztera zihoan enkargatuaren paperean Iker Zubeldia. Neurri luzea erabili gabe, bere baitatik jardun zuen zegamakoak, inoiz baino gehiago. Hala ere, gehiago nabarmendu ziren kartzelako beste zenbait ariketa. Benat Gaztelumendik potoa egin zuen bere hirugarren bertsoan, agerian geratu zen bezala. Agin Rezolak hiru ale eder utzi zituen kartzelakoan. Onatiko saioan erakutsitakoaren bidetik, errima zailak erabiliz kontakizuna josi zuen ahapaldiz ahapaldi. Saio irregular xamarra egin arren, epaimahaiaren iritziz Benat Gaztelumendik lortu zuen puntu gehien eta zuzeneko pasea finalera. Agin Rezola, Alaia Martinek eta Felix Zubiak saio txukunak egin zituzten eta horietako baten batek izan ditzake aukerak finalean sartzeko. Dena hurrengo bi final erdietan gertatuko denaren arabera dago.
<< Martin puntuak erantzuten
Final laurdenetatik sailkatutako 18 bertsolari arituko dira final erdietan. Hiru saiotan erabakiko da zein zortzi bertsolari pasatuko diren Ilunben abenduaren 18an jokatuko den finalera. Azaroaren 26an Arrasaten, hurrengo egunean Tolosako Usabal kiroldegian eta Galarretan abenduaren 4ean jokatuko dira hiru final erdiak. Gpuntuaren trenak geldialdia egingo du gure eskualdean azaroaren 27an eta eskualdeko bertsolari bat arituko zaigu bertan: Jexux Mari Irazu larrauldarra. Final erdietan arituko den eskualdeko beste bertsolariak, Amaia Agirre villabonatarrak Hernanin kantatu du abenduaren 4an. .
Igandean, Azpetiko Izarraitz frontoira iristea ez zen lan erreza izan bertsozaleentzako. Batean eta bestean errekak hazita zetozen eta Azpeitirako sarbideak ere trabatuta zeuden kasu askotan. Hala ere, itxura polita hartu zuen Izarraitz pilotalekuak eta 1.500 ikusle inguru batu ziren azken final laurdena ikusteko.
Tamalez, final laurdenetako saiorik makalena izan da Azpeitikoa. Bertsolariak ez ziren oker aritu, baina ez zuten bertsoaldiak borobiltzen asmatu. Giroa, bestalde, ez zen izan Idiazabalgoaren parekoa eta bertsozaleari kosta egin zitzaion saioan sartzea. Asko zegoen jokoan eta bertsolariak ere horren jakitun ziren.
Sei puntuko motzean, hotz xamar abiatu zen saioa Izarraitz frontoian. Denak ere paretsu aritu ziren, baina Jokin Urangak eta Arkaitz Oiartzabalek osatu zuten elkarrizketa nabarmendu zen besten gainetik. Arrazoi sendoak bota zituzten biek ere.
Xamoak gora beherak izan zituen igandeko saioan. Lehen ariketan, koplatan eta bakarka ere txukun osatu zituen bere lanak, baina 8ko handian Ane Labakarekin eta Unai Munoarekin kartzelan deseroso sumatu genuen, arrazoiak ezin nahi bezala borobildu.
3 puntuko koplak osatzeko ariketan, Xamoarekin batera, nabarmentzekoa izan zen Jokin Uranga eta Iker Zubeldiak osatu zuten saioa.
Iker Zubeldiak etekina atera zion, bere neurrira eginda zirudien ariketari. Umorez eta bizi aritu zen kopletan. Gainerako ariketetan ere ohikoak dituen kolpeak bota zituen. Batzuetan erdiz erdi asmatuz, kartzelako ariketan bezala eta besteetan berriz, 8ko handian adibidez, gaiari behar zen tonua ezin hartuz. Ofizio horretan, Unai Munoarekin aritu zen Zubeldia.
Unai Munoak saio erregularra egin zuen. Beharbada, bertsoaldietan gehixeago luzitzea falta izan zitzaion, arrazoietan buelta erdi bat gehiago ematea. Hala ere, 8ko handiko ariketan bereziki ondo aritu zen Zubeldiarekin batera eta barkakoan hiru ale eder utzi zituen.
Bakarkako ariketak ez ziren bereziki nabarmendu Azpeitiko saioan. Ale politak entzun genizkien, Unai Munoari, Jokin Urangari edota Ane Labakari. Nabarmentzekoa, hori bai, Inaki Apalategik osatutako lana.
Inaki Apalategik saio gora beheratsua izan zuen igandean. Ariketa batzuetan ederki asmatu zuen, bakarkakoan adibidez. Beste batzuetan berriz, ezinean sumatu genuen, koplatan edota kartzelan esaterako. Hala ere, errez jardun zuen bertsotan eta ohikoa duen dotoreziaz osatu zituen bere lanak.
Ane Labaka genuen gazteena igandeko saioan. Gpuntuan egindako ibilia Azpeitian bukatu zuen berak esan bezala. Behetik gorako saioa egin zuen eta pattal abiatu arren, bakarkakoan eta kartzelan gauza politak esan zituen. 10ko txikian, Jokin Urangarekin aritu zen kartzelako ariketan.
Jokin Urangak lortu zituen puntu gehien igandeko saioan eta berak lortu zuen zuzeneko pasea final erdietara. 488 puntu eman zizkion epaimahaiak, aurreko saioetako puntuazioekin alderatuta, dezente baxuagoa. Azpeitiarrak etxean kantatu zuen azken final laurdenean eta bertakoen animoaz batera, bertsotan egiten dakiena erakutsi zuen oholtza gainean.
Atzetik sailkatu ziren 478 punturekin Iker Zubeldia eta 472,5rekin Inaki Apalategi. Langa horren azpitik eta final aurrekoetara ezin pasa, Unai Munoa (466) eta Xamoa (463). Azkeneko tokian 451 punturekin sailkatu zen Ane Labaka.
<< Xamoa eta Uranga 6ko motzean
Orain arte Gpuntuak ezagutu dituen geltokietatik Idiazabalgoa izan da beroena. Igandean Igaondo pilotalekura gerturatutako bertsozaleek saioaz gozatu zuten eta euren txalo eta animoekin lagundu zituzten bertsolariak. Publikoarekin konexio berezia lortu zuena Felix Zubia izan zen. Ia bertsoaldi guztietan iritsi zen entzuleengana.
Final laurdenetako fasean sei puntuko motzean aritu behar izaten dute lehenik bertsolariek eta ariketa horrekin seriotik, sakonetik abiatzen dute saioa. Gaiek ere ez dute zirrikitu handirik uzten. Igandeko saioan ere, gaixotasun terminalak, heriotzak, hiletak, negarrak… maizegi agertu ziren gaietan. Kopletako saioan bakarrik izaten dute bertsolariek umorerako aukera eta ederki aprobetxatu zuten Idiazabalen ere.
Jon Martinek beste behin ere puntako bertsolaria dela erakutsi zuen igandean. Bakarkako ariketan jo zuen goia hiru bertso oso eta hunkigarri kantatuz. Ofizioetan ere ez zen atzera geratu oiartzuarra eta seiko motzean Oier Aizpuruarekin egin zuen ariketa nabarmendu liteke.
Bertsotan egiten dakitena erakutsi zuten berriz, bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuek. Felix Zubia izan zen, eguneko protagonista nagusia. Ariketa ia guztietan asmatu zuen. Koplatan, Nerea Elustondorekin, bakarka edota kartzelakoan Jon Martinekin. Azken ariketa honetan jo zuen goia zarauzko bertsolariak. Ederki eskertu zioten gainera Idiazabalera bildutako bertsozaleek, agurreko bertsoan emandako txalo zaparradarekin.
Nerea Elustondok ere, Eibarreko final zortzirenetan erakutsitako mailari eutsi zion igandean. Indartsu hasi zuen saioa eta gero pixkanaka apaltzen joan zen legazpikoa. 8ko handian ez zitzaion posturarik erosoena egokitu eta bertsoaldia salbatu zuen arren, ez zuen nahi bezainbeste gozatu. Bereziki koplatan aritu zen Nerea Elustondo hobekien. Felix Zubiarekin batera egindako saioan, jendearengana iristea lortu zuten.
Ainhoa Agirreazaldegik Idiazabalen saio orekatua eta erregularra egin zuen. Erorikorik gabe, txukun, zuzen eta barrutik kantatzen jardun zuen. Ez da hala ere, bertsozaleengana gehien iristen den bertsolari horietakoa. Hala ere, bakarkakoan adibidez arrazoi sendoak botaz erantzun zion gaiari eta Uxue Alberdirekin batera, 8ko handian saio ederra osatu zuen.
Uxue Alberdi eta Oier Aizpurua maila bat beherago aritu ziren. Uxuek ez zuen bere lana borobiltzerik lortu. Irudi ederrak sortu zituen baina ez zuen asmatu ofiziora edo jarritako gaira behar bezala egokitzen. Oier Aizpuruak, berriz, mailari eutsi zion eta bakarkako gaian izan ezik, gainerako ofiziotan printza politak utzi zituen. Adibidez, 6 puntuko motzean, Jon Martinekin.
Idiazabalgo final laurdena bukatuta honela geratu ziren puntuazioak: Jon Martin lehen postuan, 494 punturekin. Zuzenean sailkatu da beraz final erdietara. Atzetik: Felix Zubia (482), Nerea Elustondo (474,5), Ainhoa Agirreazaldegi (468,5), Uxue Alberdi (461) eta Oier Aizpurua (457). Nerea Elustondok ia ziurra du final erdietarako pasea, gainerako bertsolariak igandean Azpeitian zer gertatuko zain geratu beharko dute.
<< Martin eta Aizpurua 6ko motzean
Saio dotorea entzun ahal izan genuen larunbatean Hondarribian. Eroriko nabarmenik gabe, bertsolari guztiek utzi zuten zer edo zer Jostaldi frontoian jokatutako final laurdenean.
Azken puntuazioari begiratuta, Aitor Sarriegik lortu zituen puntu gehien eta beraz, zuzeneko pasea final erdietara. 494 puntu eskuratu zituen beasaingoak. Onatin eta Villabonan ospatutako aurreko final laurdenetako puntuazioarekin alderatuta, baxutik joan ziren Hondarribikoak. Sarriegiren atzetik sailkatu ziren hurrengo 4 bertsolariak 15 punturen barruan sartu ziren: Alaia Martin (481), Amaia Agirre (478,5), Inigo Izagirre (471,5) eta Nahikari Gabilondo (467,5). Azken tokian geratu zen Haritz Casabal 440,5rekin.
8ko handiko saioak eta kartzelakoak izan ziren, akaso, ahulenak, baina hala eta guztiz ere, ale politak entzun ahal izan genituen baita ariketa horietan ere. Sei puntuko motzean indartsu hasi zen saioa eta hala jarraitu zuen koplatan ere. Aurreko final laurdenetan ez bezala, ariketa horretan hiru bertsoaldiak izan ziren biziak. Fase honetan bakarkako ariketetan lan pertsonalagoak entzun ahal izan dira eta horrela gertatu zen baita ere Hondarribian.
Sei puntuko motzean, saio orekatuak entzun ahal izan genituen. Sei bertsolariek eman zuten maila, baina besteen gainetik, Amaia Agirrek Inigo Izagirrerekin batera egindako ofizioa nabarmendu zen. Arrazoi sendoak bota zituen Amaiak eta bere aldera makurrarazi zuen Itziarko bertsolaria. Elkarrizketa egokia osatu zuten bi bertsolariek.
Kopletan, aipatu bezala, saio guztiak izan ziren onak, baina bereziki Inigo Izagirrek Aitor Sarriegirekin egin zuen saioa nabarmendu zen Hondarribian. Etenik gabe, bizi-bizi aritu ziren bi bertsolariak.
8ko handian berriz, saio guztiak izan ziren orekatuak, nahiz eta bakar bat ere ez zen nabarmendu besteen gainetik. Printza politak utzi zituzten ia bertsolari guztiek. Bakarkakoan oso estilo diferenteetako saioak entzun ahal izan ziren. Aitor Sarriegi, Inigo Izagirre eta Alaia Martinen bakarkakoak izan ziren txalotuenak.
Kartzelako lanean, hiru bikoteetan Nahikari Gabilondo eta Aitor Sarriegik osatutakoak asmatu zuen gehien. Bereziki Nahikarik ariketa horretan emandako arrazoiak gustatu zitzaizkigun.
Hurrengo faserako txartela ziurtatu du Aitor Sarriegik. Gainerako bertsolariek berriz zain egon beharko dute hurrengo saioetan zer gertatuko. Puntu gutxiren bueltan bertsolari asko dago sailkatuta eta ia zorteak erabaki dezake zein pasako den final erdietara. Lasterketa horretan, ez dirudi gure eskualdeko Amaia Agirre gaizki kokatuta dagoenik. 479,5 punturekin segurutzat jo liteke langa gainditu duela. Hondarribiko saioa bukatuta hitz egin dugu villabonakoarekin.
<< Izagirre eta Agirre 6ko motzean
Bertsozaleak erruz gerturatu ziren igandean Villabonako Olaederra kiroldegira, beste behin ere, gure eskualdean eta inguruetan bertsoarekiko dagoen afizioaren erakusle. Saioa ez zen bezperakoa bezain erregularra izan eta gora behera handiagoak izan zituzten bertsolariek. Adibidez, Unai Gaztelumendik. Koplatan anaiarekin eta kartzelan Andoni Otamendirekin ale politak utzi zituen anorgakoak. Otamendi ere nabarmendu zen 8ko handian edo koplatan, baino bere lana borobildu ezinik aritu zen gainerako ariketetan. Ander Lizarraldek ere oso sentsazio onak utzi zituen bertsozaleen artean. Asmatu zuen sei puntuko motzean, koplatan eta baita ere 8ko nagusian. Egindako potoek, ordea, lehiatik kanpora utzi dute oiartzuarra. Dudarik gabe, igandean puntu gehien bildu zituen Benat Gaztelumendik egin zuen saio orekatuena. Ez zuen akatsik egin inongo ariketetan eta zuzen bete zituen egin beharrekoak. Kartzelakoan entzun genuen ozenago Benaten ahots propioa. Erregular aritu zen baita ere Unai Agirre. Tarteka arrazoi politak utzi zituen eta ez genion huts nabarmenik entzun Villabonan. Hala eta guztiz ere, hernaniarra hirugarren sailkatu zen, bigarrenarekin, Mantxirekin puntutan berdinduta. Zarauztarrak egin zuen saiorik aldrebesena: bertsotan bere onena eta txarrena erakutsi zizkigun Olaederrako oholtza gainean. Koplatan Agirrerekin batera ezinean sumatu genuen eta gaiarekin nahastuta, berriz, 8ko nagusian. Hutsaz jabetu eta egoerari buelta ematen jakiteak publikoaren txaloak eragin zituen. Bakarka berriz, ikuslerik biltzen ez duen eskulturagilearen paperean hiru bertso dotore osatu zituen Mantxik. Oraingoz Gpuntuan bertso horiek dira puntuatuenak, Nerea Elustondok Eibarko final zortzirenean kartzelan botatakoekin batera. Bukaeran, Villabonako final laurdeneko puntuazioa honela geratu zen: Benat Gaztelumendi (501), Iñigo Manzisidor Mantxi (480), Unai Agirre (480), Unai Gaztelumendi (467), Ander Lizarralde (440,5) eta Andoni Otamendi (431,5).
<< B. Gaztelumendi eta Lizarralde 6ko motzean
Antzematen da final laurdenetan sartua dela Gpuntua. Saio ona entzun ahal izan zuten larunbatean Onatiko Zubikoa kiroldegira hurbildutako bertsozaleek. Fase berrian, 12 bertso eta sei koplek osatzen dute lan puntuagarria eta ariketen antolaketa berriak oharkabean harrapatu zituen entzuleetako asko. Erritmo motelagoaren sentsazioa ematen du ariketen antolaketa honek, nahiz eta denboran bi ordu eta erdi inguru iraun larunbateko saioak. Oro har pultsuari eutsi zioten sei bertsolariek eta ariketa guztietan eman zuten maila; beharbada koplatan aritu ziren lana borobildu ezinik. Jexux Mari Irazu gainerako bertsolariak baino koska bat gorago aritu zen eta saio erregularra egin zuen, ariketa guztietan asmatuz. Printza politak utzi zituen, adibidez, Iban Urdangarinekin batera 8ko handian. Ataungo bertsolaria ere, erregular aritu zen Onatin eroriko nabarmenik gabe. Bere maila erakutsi zuen ariketa guztietan eta bereziki Inaki Zelaiarekin batera koplatan. Hernaniarrak ere, baleko saioa egin zuen larunbatean, sufritu gabe baina aldi berean luzitu gabe. Gora behera gehiago izan zituena Inaki Gurrutxaga izan zen; ezin asmatu sumatu genuen eta ezinean ere bai, esaterako, kartzelako ariketan. Aipatzeko ditugun bi bertsolariek, Agin Rezolak eta Benat Lizasok bide berbera egin zuten baina alderantziz. Azpeitiarrak dotore abiatu zuen saioa 6 puntuko motzean eta indarra galduz bezala Joan zen. Astigarragako mutilak, aldiz, behetik goranzko bidea egin zuen saio osoan zehar eta gogoan hartzeko moduko bakarkako ariketan jo zuen goia. Bertsoaldi esanguratsuenak hemen dituzue entzungai. Onatiko azken puntuazioa: Jexux Mari Irazu (502), Agin Rezola (479,5), Benat Lizaso (479), Iban Urdangarin (472), Inaki Zelaia (468,5) eta Inaki Gurrutxaga (451).
<<Lizaso eta Zelaia 6ko motzan
Final zortzirenetatik sailkatutako 24 bertsolarik eta duela lau urteko txapelketan finalean aritutako 6k osatuko dute final laurdenetan arituko den taldea. Tolosaldean fase honetan bi ordezkari izango ditu: Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirre. Larrauldarrak lehen final laurdenean kantatuko du Onatin eta Hondarribian arituko da berriz, Amaia Agirre. Fase honetan, binaka gaia emanda sei puntuko motzean hiru bertso, binaka gaia emanda hiru puntuko koplan seina kopla, binaka gaia emanda zortziko handian hiruna bertso, bakarka gaia emanda nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso eta bukatzeko, kartzelan binaka gaia emanda hamarreko txikian hiruna bertso bota beharko dituzte. Guztira 15 bretso puntuagarri izango dira. Final laurdenetan kantatuko duten 30 bertsolaritatik 18 pasako dira final erdietara: bost saioetako irabazleak zuzenean eta beste 13 puntuazioaren arabera. Oñati (urriak 22), Villabona (urriak 23), Hondarribia (urriak 29), Idiazabal (urriak 30) eta Azpeitian (azaroak 6) izango dira final laurdenak.
Saio orekatua, gora behera handirik gabekoa izan zen Irungo Amaia antzokian jokatutako final zortzirenetako azkena. Bertsozaleen artean bazen ikusmina, hurrengo fasera sailkatuko ziren bertsolarien izenak jakiteko. Alaia Martin gainerako bost bertsolariak baino koska bat gorago aritu zen bertso saio osoan zehar; kontzentratuta, egiten ari zenaz jakitun sumatu genuen uneoro. Bere ahots propioaz, xamur baina aldi berean indartsu agertu zen bertsolari oiartzuarra. Saioa abiatzeko lehen ofizitoik erakutsi zuen Alaia Martinek bere nagusitasuna. Asier Sasietarekin batera aritu zen Iparragirre doinuan eta elkarrizketa atsegina osatu zuten bi bertsolariek. Ezkio-Itsasokoak goitik beherako saioa egin zuen Irunen. Aurreko astea pulmoniaz ondoezik pasa zuela aipatu zuen hasierako agurrean eta sumatu zitzaion nekea azkenerako. Zortziko txikiarekin jarraitu zuen Irungo saioak. Ariketa honetan ere, ez zen erabat lehertu giroa. Hala ere, ale poitak entzun ahal izan ziren. Tamalez Manex Mujika gaiarekin nahastuta ibili zen eta horrek atzetik eraman zuen bertsokide zuen Haritz Casabal. Mujikak ale politak utzi zituen saioan, adibidez, "gau" oina emanda, gehinez bost puntuko horretan bertso ederra eman zuen. Gainerakoan, gorabeheratsu ibili zen donostiarra. Urko Eganak ere bere lanak bete zituen Irungo saioan; eroriko nabarmenik gabe, baina gehiegi luzitu gabe bete zituen bere lanak bertsolari onatiarrak. Inaki Zelaiak sailkatu zen bigarren igandeko saioan. Seikotean hernaniarra izan zen bertsolaririk erregularrena. 8ko Handian ale ederrak utzi zituen baina bereziki nabarmentzekoak dira emandako bi puntu erantzunak. Bakarkako ariketa horretan, "segi" oina emanda bertso borobila osatu zuen Haritz Casabalek. Bera izan zen Irunen sorpresa askorentzat. Bertsolari saiatua da pasaitarra eta hortaz, ariketa guztietan bere onena ematen saiatu zen. Kartzelakoan ere, hiru bertso gogoangarri utzi zituen. Lortutako puntuazioari eskerrak (459,5) hurrengo fasean izango da Casabal.
<<Martin eta Sasieta Iparragirrerenean
G puntua bilatzeko lanean, bidean geratu da gure eskualdeko beste bertsolari bat. Oihana Iguaranek bere atzerriko egonaldian eten bat egin eta Manuel Lasarte kultur etxean izan zen Lasarte-Orian. Bere mailatik behera aritu zen Oihana, ariketa gehienetan ezin gozatu. Hala ere, ale ederrak utzi zituen, esate baterako, 8ko nagusian Uxue Alberdirekin egindako ofizioan. Elgoibarko bertsolaria izan zen, hain zuzen ere, Lasarte-Oriako saioan puntu gehien batu zituena. Bakarkako lanetan nabarmendu zen Alberdi batez ere, baina ofizioetan ere txukun jardun zuen Iparragirrerenean eta 8ko Txikian. Azkeneko ofizio horretan, Uxue Alberdi Andoni Otamendirekin aritu zen bertsotan. Bigarren sailkatua izan zen Lasarte-Oriako saioan. 8ko txikian, bakarkakoan eta kartzelan ale ederrak utzi zituen. Indartsu hasi zen larunbateko saioa Iparragirre doinuan. Nabarmentzekoa da, Inaki Apalategik egindako ofizioa Uxue Alberdirekin. Goierriko bertsolariak printza politak utzi zituen saio osoan zehar eta laugarren egin zuen saioan. Hirugarren izan zen Ainhoa Agirreazaldegi. Saioan gehiegi nabarmendu ez zen arren, okerrik egin gabe aritu zen ariketa guztietan, txapelketetan duen esperientziaren erakusgarri. Bukatzeko aipagarria da Amaia Iturriozek egindako lana. 440 puntu eskuratu zituen arren, fresko aritu zen Lasarteko final zortzirenan.
<<Alberdi eta Apalategi Iparragirrerenean
Elgoibarko Herriko aretoa bete egin zen larunbatean Gpuntuaren final-zortzirenetako saioa jarraitzeko. Kanpoan bezainbeste bero egiten zuen areto barruan ere, baino bertso giroa izan zen berotu ez zena. Gorabehera handirik gabe baina bajutik jo zuen saioak mailari begiratuta. Ezinean aritu ziren sei bertsolariak eta horren erakusgarri da Egoitz Eizagirre. Bere onena eta txarrena eman zituen Elgoibarko saioan: trabatuta aritu zen Iparragirrerenean, poto ere egin zuen eta kartzelakoan bertsoa hasi eta ezin bukatu geratu zen. Alderantziz, oriotarraren puntu erantzunak bikainak izan ziren eta kartzelan, gorabeherak gorabehera, hiru bertso hunkigarri osatu zituen. Azkenean, Egoitz Eizagirrek 437,5 punturekin azken aurreko tokian bukatu zuen. Sei bertsolariak aritu ziren beren mailatik behera, baita azkeneko tokian sailkatu zen Mikel Arrillaga ere. Eibartarrak ez du aukerarik izango hurrengo fasera salto egiteko. Hotz hasi zen saioa, Iparragirre doinuan egindako ariketan eta hasieratik erakutsi zuen Jokin Urangak bere nagusitasuna. Arrazoi borobilak bota zituen eta errez aritu zen bertsotan. Bigarren sailkatu zen, 460,5rekin Unai Gaztelumendi. Bere lana borobildu ezinik ibili zen saio osoan zehar, baina bereziki azpimarratuko genuke 8ko Nagusian Joxe Munduaterekin egindako ofizioa. Goierriko bertsolaria ezinean ibili zen bertso saio osoan zehar. Zortziko Txikian ohikoa duen kolperen bat entzun genion ordea Munduateri. Oier Aizpuruak berriz, hirugarren egin zuen Elgoibarren eta bere lana akats nabarmenik gabe bete zuen, baino inongo ariketetan nabarmendu gabe. 456 punturekin, hurrengo fasera sailkatzeko mugan izango da zarauztarra.
<<Aipzurua eta Uranga Iparragirrerenean
Bertsozalez bete zen igandean Lazkaoko Areria kulturgunea. Kanpoan bezainbeste berotu zen giroa areto barruan. Benat Lizasok batu zituen puntu gehien saio orekatua egin ondoren. 8ko Nagusian, Adur Gorostidirekin batera egindako ofizioan atera zuen bere onena azpeitiarrak. Bigarren sailkatu zen Nahikari Gabilondok egin zuen igandeko saio erregularrena. Eroriko nabarmenik gabe, baino luzitu gabe osatu zuen bere saioa. Bakarko saioetan eta kartzelan egindakoak dira, izatekotan, zarauztarraren lanetik nabarmendu daitezkenak. Hain zuzen, "armairua ireki eta soinekoari begira zaude berriz ere" gaiari erantzun behar izan zioten Lazkaon sei bertsolariek. Seitik bostek, ezkontza soinekoari kantatu zioten eta armairuan amonarena ikusi zuen bakarra Iban Urdangarin izan zen. Saio osoan zehar, fresko aritu zen ataundarra, ofizioetan bertsokideari entzunez eta erantzunez eta bakarkakoetan arrazoi sendoak botaz. Hirugarren egin zuen Lazkaon eta ikusiko da Urdangarinek hurrengo fasera salto egiteko aukera izango ote duen ala ez. Unai Munoak ere egin zituen bere lanak Lazkaoko saioan, baina ziurrena ez berak nahi bezain fin. Oker handi xamarra, poto egin zuen lehenengo puntu erantzunean. Gainerakoan, bere mailari eutsi zion lasartearrak eta laugarren egin zuen igandean. Munoak gainerako bertsolariek lortutako puntuazioari begiratu beharko dio hurrengo fasera sailkatu den edo ez jakiteko. Itxura guztien arabera, Adur Gorostidi eta Benat Iguaranek ez dute horretarako aukera izango. Abaltzisketarrak behetik gorako saioa egin zuen Lazkaon, baino ez zuen bere lana borobiltzerik lortu. Amasarrak berriz, ez zuen bere eguna izan Lazkaon. Bere mailatik dezente beherago aritu zen Iguaran. Eskualdeko bi bertsolariekin aritu ginen hizketan saioa bukatu eta berehala.
<< Urdangarin eta Munoa Iparragirrerenean
Ondoan zituen bertsolariek erakutsitako mailaren gainetik aritu zen Nerea Elustondo larunbatean Eibarko Coliseo antzokian. Ariketa guztietan asmatu zuen bertsolari legazpiarrak, uneoro albokoari erantzunez, gaiari behar bezala eutsiz, behar zenean serio eta behar zenean umorez. Bertsotan erakutsitako egokitasunak balio izan zizkion 516 puntu, oraingoz final-zortzirenetan eman den puntuaziorik altuena. Behetik gorako bidea egin zuen saioak Eibarren eta Iparragirre doinuan hotz xamar abiatu ziren sei bertsolariak. Iker Osak, Agin Rezolarekin batera ariketa txukuna osatu zuen eta saio osoan zehar zenbait printza ere utzi zituen. "Sufritu bezainbeste gozatu" zuela aipatu zuen hernaniarrak agurreko bertsoan eta bertsozaleek estimatu zituzten 8ko txikian edota kartzelan Osak botatako aleak. 8ko txikian ariketa biziagoak entzun genituen larunbatean. Felix Zubiak Gurrutxagarekin batera kolpe batzuk eman zituen ariketa honetan eta gainerakoan bere mailari eutsi zion saio osoan zehar. Ariketa honetan hasi ziren berpizten Elustondo eta batez ere Rezola. Astigarragako mutilak umore printza jarri zion bertsoaldiari eta ordutik aurrera maila ona eman zuen ariketa guztietan, kartzelako txukun batean goia joz. Hain zuzen, bakarkakoa ariketan, Rezola bera eta Gurrutxaga izan ziren puntu erantzunetan ondoen aritu ziren bertsolariak. Gehienez bost puntukoa izan behar zuen bertsoan "epaia" oina sartu behar izan zuen oriotarrak eta Kukutza gaztetxeari egin zion erreferentzia. 8ko handian bertsoaldi onak entzun genituen Eibarren eta Nerea Elustondok eta Jokin Labayenek egin zuten ariketa nabarmendu zen besteen gainetik. Ume adoptatuen papera borobildu egin zuen Elustondok, goitik behera asmatuz. Kartzelako ariketan "askotan pentsatu izan duzu: ´noiz hilko ote da´" gaiari erantzun behar izan zioten bertsolariek. Felix Zubia ibili zen gaietik aparte xamar, baina gainerako bostek ondo erantzun zioten. Bide beretsutik heldu zioten Labayenek, Elustondok, Rezolak eta Osak eta lauek asmatu zuten. Gurrutxagak, aldiz, modu bitxian heldu zion gaiari: Manuel Lasartez akordatzeko baliatu zituen hiru bertsoak, entzuleen txaloak bilduz. Orioko bertsolariak saio erregularra egin zuen larunbatean eta horri eskerrak bigarren puntuaziorik altuena eskuratu zuen.
<< Rezola eta Osa Iparragirrerenean
Saio gora beheratsua izan zen igandekoa Azkoitian. Jende asko gerturatu zen final zortzirenen bigarren saioa jarraitzera Baztartxo antzokira. Denek utzi zuten ale ederrik; Ibai Esoainek bere maixutasuna erakutsi zuen, adibidez, Iparragirre doinuan, Asier Azpirozekin kantuan. Hitz joko okurrenteak erabiliz bertsoaldi borobila osatu zuen. Saio osoan zehar, erregularren aritu zen bertsolaria, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" izan zen eta horri eskerrak batu zituen puntu gehien igandeko saioan. Arrazoietan sendo sumatu genuen bertsolari oiartzuarra. Orohar bertsolariek bakarkako lanean ez zuten asmatu. Puntu erantzunetan, hala ere, Gorka Azkaratek egindako lana nabarmendu liteke. Urretxuarrak eta Asier Azpirozek 8ko handian osatutako ofizioa ere ongi joan zen. Tamalez, euren mailatik behera ibili ziren Azkoitian Azkarate eta Azpiroz. Saio erregularra egin zuen baita ere Gorka Maizek. Ia ariketa guztietan asmatu zuen arrazoietan. Kartzelakoan ere, "beste behin ere argia piztuta egin duzu lo" gaiari ezusteko bidetik heldu zion gabiriarrak, baina lana ezin osatuz ibili zen. Egindako hutsa garesti ordaindu zuen Maizek, azken aurreko tokian sailkatuz. Kartzelakoan Xabier Sukiak egindako lana da azpimarratzekoa. Ezezaguna zitzaigun doinua erabiliz, kontakizun hunkigarria osatu zuen kartzelako hiru bertsoetan. Bigarren egin zuen oriotarrak Azkoitiko saioan.
<< Xabier Sukia
Ehundik gora lagun bildu ziren larunbatean Andoaingo Bastero kulturgunean, final zortzirenen lehen saioan. Inigo Manzisidor "Mantxi" bertsolariak batu zituen puntu gehien saioan. Eroriko nabarmenik gabe, saio orekatua egin zuen zarauztarrak eta horri eskerrak lortu du hurrengo faserako zuzeneko sailkapena. Amaia Agirrek ere saio txukuna osatu zuen Andoainen. Arrazoietan fresko eta ale politak utzi zituen ia ariketa guztietan. Eroso sumatu genuen bertsotan eta hala aitortu zigun saioaren amaieran eskainitako elkarrizketan. Iparragirre doinuan egindako poto-lapsusak, ordea, hirugarren tokira eraman zuen bertsolari villabonatarra. Inigo Izagirrek egin zuen bigarren larunbateko saioan. Umorea eta ohikoak dituen ateraldiak baliatuz saio erregularra osatu zuen itziartarrak. Ander Lizarralde oiartzuarrak berriz, egiten dakiela erakutsi zuen Andoainen; dotore erabili zuen bere euskalkia bertsotan eta bakarkako lanetan dotorezia sumatu genion Lizarralderi. Amaia Agirreren ikasle izandako Ane Labakak ere saio txukuna osatu zuen. Sailkapen fasean erakutsi zuen Lasarteko gazteak besteen pare aritzeko gai dela eta hori berretsi zuen Basteroko saioan. Azken aurreko tokian sailkatu zen, baino lortutako puntuazioak aukerak eman diezazkioke hurrengo fasera egiteko. Azken tokian sailkatu zen Manu Goioganak ez zuen bere eguna izan larunbatean. Amaia Agirre Villabonako bertsolariarekin bi hitz egin genituen saioa bukatu ondoren.
<< Amaia Agirre
Irailaren 17an berrekingo zaio Gpuntua:2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, final-zortzirenekin. Donostiako Illunben bukatuko da aurtengo edizioa, abenduaren 18ko finalarekin. Tartean, 15 herritan jokatuko dira saioak, fasez fase. Halaxe adierazi dute Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideek Donostiako Miramar jauregian egin duten prentsaurrekoan. Parte hartu dute prentsaurrekoan Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Lehendakariak, Oroitz Azurmendi Elkarteko koordinatzaileak, Mikel Mendarte Kutxako ordezkariak eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusiak.
“Maiatzean jokatu zen Lehen Fasea, eta jarri genituen helburu guztiak bete ostean, indar betean hasiko dugu fase berria, Illunbeko finaleraino” esanez hasi du prentsaurrekoa Saroi Jauregik. “Gipuzkoako bertsoaren sarea ehuntzera dator Gpuntua, geltokiz geltoki, bidaiariak eta bertsolariak bat hartuta Illunbeko helmugaraino”, gaineratu du Jauregik. Txapelketako babesleek ere Gipuzkoako bertsolaritzaren egoera oparoa nabarmendu dute eta euren babesaren garrantzia berretsi ere bai.
Final zortzirenetan, Tolosaldeko lau bertsolari arituko dira: Adur Gorostidi, Oihana Iguaran, Benat Iguaran eta Amaia Agirre. Lehen hiruak aurreko fasetik sailkatu dira eta zuzenean sartu da lehiara bertsolari villabonatarra.
Gpuntuaren barruan lau saio izan dira asteburu honetan eta gure eskualdeko hiru bertsolari aritu dira bertan.
Amezketan, goiz ta arratsaldez, Aierbeneako kultur etxe berriko areto nagusian jokatu ziren Gpuntuko saioak. Goizean aritu zen bertan Beñat Iguaran amasarra eta saio txukuna eskaini zuen. Bigarren egin zuen Iñaki Apalategiren ondoren eta matematikoki puntu nahikoa baditu irailan hasiko den fasera salto egiteko.
Arratsaldeko saioan Amezketan, Inigo Izagirre sailkatu zen lehen postuan eta bigarren egin zuen Alaia Martinek. Ez zen gure eskualdeko ordezkaririk izan bertan.
Usurbilen ere izan ziren saioak, goiz nahiz arratsaldez, eta gure eskualdeko bertsolariak ere aritu ziren bertan. Inigo Gorostarzu berastegiarrak goizean kantatu zuen eta lan txukuna egin arren, laugarren sailkatu zen. Ez ditu puntu nahikoa eskuratu hurrengo fasera salto egiteko.
Usurbilgo Sutegi aretoan, arratsaldez, gure eskualdeko beste bertsolari batek, Oihana Iguaranek kantatu zuen. Lanak behar bezela bete zituen amasarrak eta hirugarren sailkatu zen. Lehengusua bezela, Oihana ere, sailkatuta dago irailan abiatuko den hurrengo faserako.
Zumarraga-Urretxuko Zelai Arizti aretoan jokatuko dira lehen fase honetako azkeneko saioak eta sailkapena erabakita geratuko da.
Goizeko 11:30ean Mikel Artola, Gorka Azkarate, Manex Mantxola, Ane Labaka, Asier Azpiroz eta Oiar Aizpurua bertsolariak arituko dira Inazio Usarralde gai-emailearen aginduetara.
Ondoren 14:00etan bazkaria izango da Amalur elkartean eta jarraian, 17:30ak aldera, beste seikote bat oholtzaratuko da: Julen Agirreburualde, Endika Igartzabal, Josu Oiartzabal "Xamoa", Oier Arantzabal, Adur Gorostidi eta Julen Agirre. Iñaxio Usarralde izango da arratsaldez ere gai-jartzailea.
Saioetarako eta bazkarietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian eskuragarri daude.
.
<< Benat Iguaran
Eskualdeko bertsolariek emaitza politak lortu dituzte asteburuan Gpuntuan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan jokatutako saioetan.
Larunbatean Mutrikun eta Alegin jokatu ziren saioak. Eskualdeko ordezkari bat izan genuen, goizeko saioan, Zabiel kultur etxean. Oihana Iguaran amasarrak bigarren egin zuen. Jokin Urangak lortu zuen lehenbiziko postua, ariketa guztietan serio eta maila ona erakutsiz. Lan bat apartatzekotan, kartzelakoa nabarmenduko genuke, puntu erantzunetan zorrotz eta hitza emanda bertso ederra bota baitzuen.Bigarren eta hirugarren postuetan Oihana Iguaran eta Mikel Arrillaga sailkatu ziren hurrenez-hurren, puntuetan berdinduta. Txukun aritu zen Oihana ofizioko lanetan, eta goia jo zuen kartzelako puntu-erantzunetan. Ale ederrak utzi zituen Mikelek ere, batez ere zortziko txikian eta Iparragirre doinuan egindako lanetan.
Mturikun arratsaldeko saioan ez zen gure eskualdeko ordezkaririk izan eta Nahikari Gabilondok lortu zituen puntu gehien.
Larunbatean, gure eskualdean, Zazpi AStoren gainean bertso eskolaren laguntzarekin antolatu zuten saioa Gpuntuaren barruan. Gure eskualdeko bertsolaririk ez zen izan ez goizeko saioan ezta arratsaldekoan ere. Goizekon Alaia Martin izan zen puntu gehien batu zituena. Erregulartasunak lehen postua eman zion eta gainontzekoen puntuazioak izandako gorabeheren balantzak zehaztu zituen. Arratsaldean berriz, Manex Mujika izan zen puntu gehien batu zituena.
Igandean beste bi txanda izan genituen Gpuntuaren barruan. Lezon goiz ta arratsaldez aritu ziren. Arratsaldeko saioan bagenuen beste eskualdeko ordezkari bat. Beñat Iguaran amasarra. Laugarren egin zuen eta bere aurretik sailkatu ziren, Asier Azpiroz, Oier Aizpurua eta Iñaki Apalategi. Goizekoan berriz, Lezon Adur Gorostidi abaltzisketarrak kantatu zuen eta hirugarren egin zuen Manu Goiogana eta Ander Lizarralderen atzetik.
Bukatzeko, asteburuko azkeneko saioak, Soraluzen jokatu ziren igandean. Agin Rezola izan zen puntu gehien batu zuena goizean. Erregulartasunak eta freskotasunak lehen postua eman zion Agin Rezolari.
Arratsaldean, bagenuen gure eskualdeko beste ordezkari bat… Iñigo Gorostarzu berastegiarra. Beñat Lizasok erakutsi zuen nagusitasun osoa Soraluzen arratsaldeko saioan eta atzetik sailkatu zen bigarren postuan Felix Zubia. Etxeordek, hirugarren egin zuen, bigarrenarengandik puntu terdira.
.
<< Oihana Iguaran
Orioko Herri Ikastolako aretoan eman zitzaion atzo hasiera aurtengo Gipuzkoako bertsolari txapelketari, goizeko 11.30ean jokatu zen lehen saioarekin. 80 lagun inguru batu ziren lehen saio honetara, Gpuntua estreinatu zuten seikoteaz gozatzera. Sei bertsolariak izan ziren: Andoni Otamendi, Andoni Goitia, Arnaitz Lasarte, Josu Oiartzabal Xamoa, Julen Agirreburualde eta Endika Igartzabal. Gai-jartzaile lanetan aritu zen Saroi Jauregi. Lehen agurrak bota ostean 8ko handian hasi zituztehn. 8ko txikiari ekin zioten segidan. Umore biziz jardun dute guztiek ere, eta zaleen algarak eragin dituzte bertsolarien zirtoek. Kartzelako saioan, azkenik, puntu erantzunari aurrenik eta hitza emanda bertsoa osatzeari ekin zioten. Gezurra hitza emanda osatu behar izan zuten bertsoa.Bukaeran, Andoni Otamendi izan zen puntu gehien batu zuena. Erregulartasunak lehen postua eman zion Otamendiri, eta gainontzekoen puntuazioak izandako gorabeheren balantzak zehaztu zituen. Bigarren Arnaitz Lasarte, Endika Igartzabal hirugarren, JOsu Oiartzabal Xamoa laugarren, Andoni Goitia bosgarren eta seigarren Julen Agirreburualde. Goizeko saioaren ostean bertsozale, bertsolari, antolatzaile eta enparauek Balea elkartean bazkaldu ostean, hasiera eman zitzaion arratsaldeko saioari arratsladeko 17.30ean. 200 lagun inguru batu ziren arratsaldeko saio honetara, Herri Ikastolako aretoa leporaino bete zuten. Sei bertsolariak izan ziren Ibai Esoain, Mikel Olaizola, Nekane Zinkunegi, Antton Fernandez, Gorka Azkarate eta gure erskauldeko ordezkaria: Mikel Artola alegiarra. Gai-jartzaile lanetan aritu zen Jon Zaldua. Saio bizia izan da; seiek ere erritmo altuan abestu baitzuten. Lehen agurrak bota ostean 8ko handian hasi ziren. Sendo hasi ziren seiak ere eta bertsoaldi ederrak osatu zituzten. Koplaka ekin zioten segidan, lauko handian. Erritmo bizian kantatu zuten, oro har, eta umore-printza ugariz gozatu zuten entzuleek. Horren adibidetzat dezue, Ibai Esoain eta Mikel Olaizolak osatutako saioa. 10eko txikian ere ildo berean jarraitu zuen saioak, eta oso maila txukunean aritu ziren bertsolariak. Kartzelako saioan, bukatzeko, gaia emanda bina bertso bota behar izan zituzten. Hauxe izan zen gaia: “Hiru hilabete daramazu jarri behar dizuten bihotzaren zain; zurearekin bat datorren bat lortu berri dutela jakinarazi dizute”. Saioari erremate ona eman zion seikoteak, kartzelako lanarekin. Bertsoaldi onak egin zituzten, oro har, eta ale distiratsurik ere utzi zuen batek baino gehiagok. Adibidez Ibai Esoainek. Agurretan ere nabarmendu zen guztiak ere gustura kantatu zutela. Bukaeran, Ibai Esoain izan zen puntu gehien batu zuena. Atzetik sailkatu ziren, Gorka Azkarate, puntu bakarrera. Nekane Zinkunegi, Mikel Artola, Mikel Olaizola, eta Antton Fernandez. Gure eskualdeko bertsolariarekin, Mikel Artolarekin ere izan ginen igandeko saioa bukatu eta berahala.
<< Mikel Artola