Elena Cal erail zuen gizonezkoa "persona non grata" izendatzeko eskaera

2010eko urtarrilean erail zuten Elena Cal labankadaz Tolosako apeadero ondoan. Pablo Jorge Siamori egotzi zioten hillketa eta ondorioz espetxera bidali zuten. Gertakariak argitzeko epaiketa, iazko azaroan egin zuten. Hiru urte terdiko espetxe zigorra ezarri zion epaileak eta dagoeneko bi urte kartzelan emanak zitunez, libre dago, kalean. Tolosan bizi dela iragarri dute eskualdeko Bilgune Feministak eta Berdinbide elkarteak. Erabat salatu nahi izan dute epaileak hartu duen erabakia. Agerian uzten omen du epai honek, justiziaren aurrean, emakume erasotuek izaten duten babesgabetasuna. Bilgune Feministaren eta Berdinbide elkartearen asmoa ez da jendartean bildurra sortzea. Hori bai, eskualdean ematen den edozein eraso sexista gogor salatuko dutela iragarri dute eta erasotzaileei adierazi nahi diete, horrelako jarrerarik ez dutela onartuko.Bilgune Feministak eta Berdinbidek uste dute, Tolosako Udalak ere baduela ardura kontu honetan eta horregatik, mozioa aurkeztuko diote korporazioari hurrengo osoko bilkuran eztabaida dezan.

<< Bilgune Feminista eta Berdinbide

"Mundua bukatuko da akaso, baina Tolosako Inauteriak inoiz ez"

Geroz eta gutxiago falta da Tolosan festa lehertzeko eta dagoeneko zaldunita egunetik aurrera herriko kaleetan zehar ibiliko diren karrozak prestatzen hasia da jendea San Esteban auzoko ferialekuan. Lanean ari diren lagunetako batzuk aipatu digutenez, "aurten mugimendua nabari da baina ez aurreko urteetan bezainbestekoa". Oraindik ere egunak falta dira ihateriak hasteko eta azken ordua probestuko dute askok euren karroza prestatzeko. Beste lagun batek aipatu digunez, "aurten karroza handienak prestatzeko Usabalgo beste poligono bat alokatu du Udalak eta horregatik toki gehiago dugu hemen". Ia arratsaldero biltzen da jendea Ferialekuan karrozak prestatzeko. Egunez egun entzun ahal izango ditugu hemen konpartsa diferenteetako kideak. Juan Bautista Aranzabe "Mate" ihauterizalearekin ere hitz egin dugu Txolarre Irratian eta hainbeste urtetan festa batzordean parte hartu duen lagunak jai hauen inguruko bere ikuspuntua eman digu. Bestalde, gaur (hilak 2) aurkeztu dute Ibai Iriarte alkateak, Edurne Mendia kultura zinegotziak eta Jokin Monfort festetako teknikariak aurtengo ihauteria.

<< Idoia
<< Ander
<< Joxean
<< Juan Bautista Aranzabe "Mate"
<< Inauterien aurkezpena

Lodosako Ibaialde ikastola lagunduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Aurreko astean Tolosako Laskorain ikastolak ekimen ugari antolatu zitun, Lodosako Ibaialde ikastola laguntzeko. Orduan ere aipatu ziguten, bai Tolosako Udalak, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak ikastolak lortutako dirua berdinduko zutela. Aste hontan jakinarazi du Diputazioak, 24.000 euro emango dizikola Ibaialde ikastolari. Zigor Etxaburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariarekin hitz egin dugu Txolarre Irratian. Aipatu digunez, Ibaialde ikastolaren lana eredugarria da, euskalgintzako beste hainbat egitasmorena bezela. Gaur egun Lodosako ikastolak bizi duen egoera ekonomiko zaila arrazoi estrukturalengatik esplikatzen da, "urteotan Nafarroako Gobernuak bultzatu duen Euskararen Legeak ez diolako euskarari eman behar duen babes legalik". Oraingo atakatik ateratzeko Foru Aldundiak 24.000 euroko laguntza emango dio Ibaialde ikastolari baina aurrerantzean, euskara geroratzeko estrategikoak diren egitasmoekiko administraziotik trataera duina emateko eskatu du Zigor Etxaburuak.

<< Zigor Etxaburua

Elurra eta hotza protagonista baita Tolosaldean ere

Giro hotza izan da Tolosaldean gaur. Prezipitazio gutxi egingo zuela aurreikusi arren, goizeko 11:00etatik aurrera elurra hasi du eta ia etenik gabe bota du arratsaldera arte. Tenperaturak zeropetik izan dira egun osoan. Errepideetan zenbait eragozpen izan dira, batez ere bigarren mailako errepide sarean eta N-1ean Alegi eta Tolosa parean. Biharko tenperaura hotzek jarraituko dute Tolosaldean.

Azpiegitura lan erraldoien aurkako mobilizazioa larunbatean

Azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta garapen ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko manifestaziorako deia egin du EHNEk beste elkarte batzuekin batera. Manifestazioa larunbatean arratsaldeko 17:30etan, aterako da Donostiako Boulevarretik. Gipuzkoan, ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten era guztietako azpiegitura-lan handiak egitea dago aurreikusita: AHTa, errauste planta, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarrbiko aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurubideak etab. Honen guztien aurrean beharrezkoa da herritarrek presioa egitea, lurraldea aski hondatzen duten makro-proiektuak geldiarazteko, eta bestetik, egungo garapen eredua aldatzeko hausnarketa alde bat irekitzea. Aipatutako eragileek Tolosako Udalean aurkeztu zuten mozioa eztabaidatu zuten joan den astearteko osoko biluran. Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin onartu zen mozioa eta kontra bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk. Alderdiek gai honen inguruan izan zuten eztabaidaren pasarte bat entzun ahal izan dugu gaur eta EHNE sindikatuko Eneritz Otamendirekin hitz egin dugu.

<< Eragileen iritziak

Umea lapurtuen auziaz hitz egin digu Juan Bautista Aranzabek

1973. urtean jaio zen Juan Bautista Aranzabe tolosarraren eta bere emaztearen haurra San Cosme eta San Damian erietxean. Zazpi hilabetekin jaio zen eta kanpazo batean sartuta jaio eta biharamunean Juan Bautistak taxian eraman zuen umea Donostiako Arantzazuko Amaren Ospitalera. Hurrengo egunean hil egin zela esan zieten. Ordutik beti izan dute gertatu izan zenaren inguruko susmoa. Euren kabuz saiatu izan dira 1973an gertatutakoa argitzen, Polloeko hilerrira, ospitalera edo ehortzetxera joanez. Ez dute ezer garbirik atera eta horrek euren susmoa areagotu egin du. Duela bi urte, Anadir elkartea sortzearekin batera jabetu ziren beste famili askok gauza bera bizi izan zutela. Gaur egun, geroz eta kasu gehiago azaltzen ari dira eta agerian geratzen ari da trama oso bat zegoela osatua ume jaioberriak lapurtu eta modu irregularrean adopzioan emateko. Azkeneko asteotan, epaileen aginduz zabaldu diren haurren hilobietan gorpuzkinik ez aurkitzeak irregulartasunak oraindik ere gehiago nabarmendu ditu. Ume Lapurtuen Elkarteko diruzaina da Juan Bautista Aranzabe tolosarra.

<< Juan Bautista Aranzabe

Kirikino aisialdi taldearen 25. urteurrena argazkitan

Duela 25 urte Eskolapioetako eskolaren inguruan sortu zen Txantxangorri izeneko aisialdi taldea. Gerora Hirukide ikastetxea sortzearekin batera Kirikiño aisialdi taldean bihurtuko zen. Mende laurden hau ospatzeko ekitaldien barruan Tolosako Kultur Etxeko areto nagusian erakusketa zabaldu dute. Panel ezberdinetan urteotako ekimenetan ateratako argazkiak bildu ditzute urtez-urte. Irteerak, afariak, ihauteriak... 25 urtetako historia bildu dute bertan. Inigo eta Ane, gaur egun Kirikino aisialdi taldeko begiraleak dira eta aipatu digutenez, buru belarri ari dira aurtengo karnabaletako konpartsa prestatzen. Astelenitan 400 kide inguru aterako dira kalera.

<< Ane eta Inigo

Lehen aldiz emakumeak bazkide San Esteban eta Casino elkarteetan

Tolosako bi elkarte herrikoiek, San Esteban eta Casinok lehenengo aldiz emakumeak onartu dituzte bazkide bezala. Ixil-ixil hartu dute erabakia "inongo zalapartarik sortu gabe" Miren Urkola Tolosako Udaleko berdintasun zinegotziak adierazi digunez. Bi elkarte hauek hartu duten erabakiaren berri, berdintasun departamentuaren eskutik jaskin dugu, bi elkarte hauek "orain eman dute urratsa nabarmentzekoa dela uste baitugu". Urkolak adierazi digu, aurretik Tolosako elkarteekin lanketa bat egin dela eta horren emaitza izan litekeela orain Casino eta San Estebanek hartu duten erabakia. Bigarren fase bat abiatuko dute orain elkarte herrikoiekin eta berdintasun zinegotziak aipatu duenez, "oraindik ere berdintasunerantz urrats hori eman ez duten Tolosako elkarteak bide honi segitzea espero dugu".

<< Miren Urkola

Asuntzion Klinika publifikatzearen alde borrokatuko da TOPA

Urtarrilaren 21ean egin zuen Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak agerraldia Tolosako udaleko pleno aretoan. Esku artean zuten informazioa emateko baliatu zuten batzarra. Joan den urteko azaroan sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak hitzarmena Asuntzion Klinikarekin. Hitzarmenean jasotzen denez, orain arte Tolosako Anbulatorioan eskaintzen diren espezialitateetako asko aurrerantzean klinikan emango dira. Gainera, aurretik Donostiako ospitalea erreferentzia ospitaletzat zuten eskualdeko herritarrek, orain derrigor jo beharko dute Asuntzion klinikara. Horrek esan nahi du, aurretik zituenak baino kontsulta dezente gehiago artatu beharko dituela aurrerantzean Asuntzionek. TOPA plafatormak ez du uste bezeroei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izango dionik klinika pribatuak. Orain gainera, "ospitalea zabaltzeko lanak hasi nahi dituzte eta horrek oraindik ere kaxkartu egingo du eskainitako zerbitzua". Tolosako Udalak, iazko ekainean Asuntzion Klinikari eman zion obra baimenaren inguruan baditu zalantzak TOPA plataformak eta auzitan jartzen du azkeneko 15 urteetan bertan eraman duten gestio pribatua. Mari Mujika, eskualdeko LAB sindikatuko eta TOPA plataformako kidea da.

<< Mari Mujika

Azkeneko neurrien aurka kanpaina abiatu du Euskal Herria Sozialistak

PPren gobernuaren lehen egunak nahikoa izan ziren erasoaldi berria mahai gainean jartzeko. Abenduaren 30ean herstura plan latz hau onartu zuten: lanaren errenten zergak handitzea, gutxieneko soldata izoztea eta pentsioa %1 igotzea lazioa kontutan izanda), gasa eta garraioak garestitzea, enplegu publikoko eskaintza eta langile publikoen soldatak izoztea… Ibon Artola, Euskal Herria Sozialistako kidea izan dugu Txolarre Irratian eta bere arabera "etorkizuna masen borroka, greba orokorrak eta erradikalizazio politikoa dira". Alternatiba hori gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borroka da Ibonen ustez. "Bankaren eta monopolioen desjabetu eta hauek langileen kontrolpe demokratikoan jarri behar dira" Euskal Herria Sozialista taldeko kidearen iritziz.

<< Ibon Artola
<< Kanpainaren Aurkezpena

Pello Odriozola: 24 urte eta oraindik preso

Urtarrilaren 28an bete ziren 24 urte Pello Odriozola tolosarra atxilotu zutela. 2008ko uztailan bete zuen bere kondena, baina Parot doktrina ezarri eta oraindik preso daukate. Zaragozako Zuera espetxean dute tolosarra eta bere herrian, Lizardi Kultur Elkarteko kideek eta Egin Dezagun Bidea ekimenekoek Pellorekin egiten ari diren bidegabekeria salatu dute. Datorren otsailaren 2an, ostegunean, elkarretaratzea egingo dute Tolosako Triangulon. Arratsaldeko 19.30ean. Pello Odriozola, Lizardi Kultur Elkarteko kidea dela gogora ekarri zuten agerraldian, eta gaztetatik “euskara eta euskal kulturari estu lotu” zitzaiola.

<< Agerraldia

ENBA elkarteak urteroko batzarra egin du Tolosan

Tolosako Musika Eskolaren egoitzan egin zuen igandean (urtarrilak 29) ENBA baserritar elkarteak bere urteroko batzarra. Hitz gogorrak luzatu zizkioten bertan Pilar Unzalu, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuari. Nekazaritza Politikaren erreforma gogorra datorren honetan, "geurea bezalako lurralde zailetan lanean ari diren baserritarrak babesteko" egin ahala eskatu zien Mikel Arteaga lehendakariak arduradun politikoei. Krisi ekonomikoaren testuinguruan, lehen sektoreak egoera larria bizi duela aipatu digu ENBA elkarteko kideak eta baserritar eta abeltzainek egoera honetan euren jardunari eutsiz indar erakustaldi bat egin dutela azpimarratu digu. Baserritarren elkarte honetatik egungo egoeraren inguruan egiten duten irakurketaz aritu zaigu Mikel Arteaga ENBAko lehendakaria.

<< Mikel Arteaga

Uzturpe Ikastolaren Kultur Astea abiatu da Ibarran

Hamabigarren aldia da Ibarrako Uzturpe Ikastolak kultur astea antolatzen duela. Irakasle, ikasle eta gurasoekin batera antolatzen dute ekimena eta umeengan eta helduengan pentsatuta antolatzen dituzte ekintzak. Egunotan, besteak beste hiperaktibitatea edota aniztasunaren inguruko hitzaldiak izango dira Benito Izagirre kultur etxean eta joku eta jolasen inguruko tailerra egingo dute hiru egunez. Horrekin batera, elkartasun kilometroa izeneko ekimen berezia egingo dute ostegunean eta aurten bereziki Saharara bideratuko dituzte indarrak. Larunbatean jai giroan egingo dituzten ekitaldiekin eta igandeko mendi irteerarekin amaituko dute aurtengo kultur astea Ibarrako Uzturpe ikastolan. Ikastetxeko zuzendaria da Miren Maite Ibarguren.

<< Miren Maite Ibarguren

Bakearen Astea ari dira antolatzen Tolosako Hirukide ikastetxean

Gaur, urtarrilaren 30ean betetzen dira 64 urte Gandhi hil zela. Bakearen ekintzaile ezagun honen heriotzaren urtemuga baliatzen dute mundu mailako hainbat ikastetxeetan bakearen asteak antolatzeko. Tolosako Hirukide ikastetxean ere urteak dira data honen inguruan gai hau aitzakiatzat hartuta ekitaldiak antolatzen dituztela. Gaur (hilak 30) Tolosako Triangulon bildu dira, LHko bigarren eta hirugarren zikloko, DBHko eta Batxilergo ikasleak, euren irakasle eta gurasoekin batera. Bakearen aldeko adierazpena irakurri dute bertan eta lekukoetan adierazpena sartuta, euren ikasgeletan landuko dute aste osoan zehar. LHko lehen zikloko ikasleekin ostiralean egingo dute ekimena Jesuitinetako patioan. Xabi Gomez, Hirukide ikastetxeko irakaslea da eta aste honetako ekimenaz hitz egin digu Txolarre Irratian.

<< Xabi Gomez

Laskorain Ikastolak Lodosakoari elkartasuna adierazi dio

Nafarroako ikastolak, lurraldearen hegoaldean daudenak batez ere, finantzazio baliabideei dagokienez egoera oso larrian daude, ateak ixteko zorian. Lodosako ikastola da aipatzen dugunaren adierazgarri. Hori dela eta, Ikastolen Elkarteak Elkartasun Ekimena abian jarri du, egoeraren berri emateko eta diru laguntza biltzeko. Helburua da ikastola bakoitzak matrikulatuta dauzkan ikasle bakoitzeko euro bat lortzea. Laskorain ikastolak bat egin du deialdiarekin eta gaurko zenbait elkartasun ekintza antolatu ditu. Laguntza eman nahi duten herritarrek horretarako aukera izango dute Euskadiko Kutxako kontu korronte honetan: 3035 0153 46 1531026051. Inaki Olaetxea ikastolako idazkariarekin eta Benat Azaldegi ikaslearekin aritu gara hizketan. Bide batez Ikastolako Txarangak eskainitako pieza bat entzuteko moduan ere izan gara.

<< Inaki Olaetxea
<< Benat Azaldegi
<< Ikastolako Txaranga

Etorkinak kantuaren bidez euskarara hurbiltzeko ekimena

Banaiz Bagara elkarteak etorkinak euskararen mundura gerturatzeko hainbat ekimen jartzen ditu martxan. Gipuzkoako zenbait herritan euskara eskolak ematen dituzte eta NEL (Nik ere euskaraz lanean) bezalako proiektu pilotuak ere jarri izan dituzte martxan. Azken aldian, Hiahoka izeneko metodologia erabili dute euskara eskola hauetan. Kantua ikasteko teknika ezberdinak baliatuz, hizkuntzaren zenbait alor landu dituzte. Horretarako bi kantu irakasleren laguntza jaso dute eta Euskal Kantuzaleen Elkartearen bitartez, herriz herri bertako kantuzaleekin jarri dira harremanetan. Metodologia honek abantaila asko ditu Petra Elser, Banaiz Bagara elkarteko arduradunaren esanetan eta hemendik gutxira, CD eta DVD batean jasoko dute lan esperientzia guztia.

<< Petra Elser

May Colmeneroren ikasleen erakusketa kolektiboa Aranburu Jauregian

May Colmeneroren 62 ikasleren artelanak ikusgai daude Aranburu jauregian. Artistak sei eta hamabost urte artekoak dira, eta margolan bakoitzaren ondoan egilearen izena azaltzen da. Horrelako ekimen bat egiteko motibazioa “garrantzitsua” dela esan du pintura irakasleak, eta “ilusio handiz” egindakoa izan dela gaineratu du May Colmenerok. Hainbat teknika erabili dituzte: akuarela, pastela, itzalak, egur margoak, olioa eta espatula. Erakusketaren inaugurazio ekitaldian hitz egin dugu May Colmenero berarekin eta baita Jokin Ansorena kultura teknikariarekin ere. Bide batez, protagonistekin hitz egiteko aukera izan degu. May Colmeneroren ikasleak eta euren koadroak ikusgai jarri dituzten lagunekin hitz egin du Txolarre Irratiak.

<< May Colmenero
<< Jokin Ansorena
<< Leire, Naroa eta Leire
<< Xabier

Josu Amilibia da Adunako alkate berria, Arantza Aburuzaren tokian

Zortzi urte eman ditu Arantza Aburuzak Adunako alkate. Arrazoi pertsonalak argudiatu ditu kargua uzteko. Gogoan hartu behar da, Adunako udalaren egoera berezia dela. 2011ko maiatzean ospatutako udal hauteskundeetan alderdi bakarra aurkeztu zen bozetara: Partido Popularra. Alderdi honek, gutxigatik baino ez zuen ordezkaritza eskuratzeko beharrezkoa den baliozko botoen %5a gainditzea lortu. Beraz, aurreko udal taldeak jardunean segitu du gobernu lanetan. Arantza Aburuzak nahiz eta alkate kargua utzi zinegotzi bezala jarraitu du udaletxean. Udal taldearen gidaritza Josu Amilibiak hartuko du. 2007an izendatu zuten Adunako hautetsi eta orain alkate lanetan aritzea egokitu zaio. Orain arteko alkatea ez bezala, dedikazio osoz arituko da lanean udaletxean. Erronka ugari izango ditu datozen hilabeteotan Adunako Udalak: AHTaren obrak, minak, araztegia... Alkate aldaketa egiteko ezohiko batzarraren ostean hitz egin du Txolarre Irratiak Arantza Aburuza eta Josu Amilibiarekin.

<< Arantza Aburuza eta Josu Amilibia

Aralar alderdia Tolosagasa ez saltzearen aldekoa da

Tolosako EAJak jarri du mahairen gainean eta iritzi publikoaren aurrean gaia 2012ko udal aurrekontuen eztabaidaren kontura. Udalak inbertsioak egin ahal izan ditzan krisi ekonomikoko garai honetan Tolosagasa enpresan udalak duen partea (% 60) saltzea behar-beharrezkoa ikusten du. Halaber udal gobernuarekin akordioetara iristeko ezinbesteko baldintza moduan jarri du salmenta. Tolosako udal gobernuan parte hartzen duen Aralar alderdiko zinegotzi, Inaki Irazabalbeitiak azaldu digunez, auzia ordea ez da berria. Tolosagasa gas-banatzailea da. Berak jarri ditu Tolosan gasa banatzeko azpiegitura fisikoak eta bide ematen dio beste enpresa bati gasa merkaturatzeko. Irazabalbeitiaren hitzetan, "Tolosagasa oso errentagarria da: gasaren banaketagatik 2009 eta 2010 urteetan 300.000 €tik gorako etekina eman dio udalari eta 2011an 420.000 €koa". Aralarrek, bestalde, argi eta garbi adierazi du ez duela egoki ikusten patrimonio publikoa saltzea "are gutxiago patrimonioa errentagarria bada". Aralarreko zinegotziak azaldu du, Tolosagasaren salmenta kontsidera dezaketela, "baldin eta, lortutako etekina beste patrimonio publiko ‘errentagarri’ bat eskuratzeko bada: udal etxebizitzen parkea handitzea edo jarduera ekonomikoa sustatzea eta enplegua sortuko duen azpiegitura bultzatzea (Araxes paper-fabrika erostea eta bertan polo ekonomiko bat sortzea)".

<< Inaki Irazabalbeitia

"Bertsomovieda" lehiaketa jarri dute martxan Goierrin

Joan den astean aurkeztu zuten Bertsomovieda izeneko ekimena. Goierrin urteak daramatzate bertsopaper lehiaketa antolatzen eta horren lekukoa hartuko du orain bertsomoviedak. Bertsoa eta irudia uztartzen dituen lehiaketa da eta Inaki Apalategik azaldu digunez ia denak balio du: bertsoak eta irudiak agertu behar dute hori bai. Bertsomovieda web gunean ikusi ahal izango dira gero bideo guztiak eta apirilerako sariak banatuko dituzte. Bertsomovie onenaren saria 900€koa dela, eta bertso onenak dituen bertsomoviearena 300€koa, baina horretaz gainera, lehiaketa partehartzailea den aldetik, ahalegin berezia egin nahi izan dutela, jendeak irabazleak aukeratzen ere parte har dezan. Horregatik, 450€tan baloratutako saria ezarri dute jendeak webgunean bozkatuz aukeratzen duen bertsomoviearentzat. Lanak emateko epea otsailaren 1etik martxoaren 24ra artekoa da eta Beasaingo Arrano elkartean eskura eman liteke edota edozein plataformatan gure bertsomoviea zintzlikatu eta esteka bidalita bertsomovieda@gmail.com helbidera.

<< Inaki Apalategi

Hirugarren urtez bertsoz eta bertsozalez bete du Txolarrek Leidor aretoa

Arrakastatsua izan da beste behin Txolarre irratiaren bertso saioa. Hirugarren urtez jarraian, Leidor bete dute bertsozaleek, eta zoritxarrez, izan da sartu ezinean geratu denik ere. Baina kantitateaz gain, kalitatea azpimarratu behar da. Andoni Egana, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Amets Arzallus eta Aitor Sarriegik saio bikaina eskaini zuten, jendearen gozamenerako. Horretan zerikusia izan zuen Amaia Agirre gai jartzaileak, asmatu baitzuen gai orijinalak eta zer esana emango zutenak ipintzen. Saioa laburbildu zuen amaierako irudiak: Bertsolariak eta publikoa elkarri txaloka zirela amaitu zen bertso jaialdia. Jendea pozik entzundakoarekin, eta bertsolariak pozik jasotako babesarekin. Txolarre irratiak, bere leloak dion gisa, bidezidorretik jarraitzeko indarrak hartu zituen Leidorren. Baina bideak ez du zertan gogorra eta neketsua behar, bidezidor koloretsu eta anitza marraztu zen larunbatean Tolosan. Izan dadila etorkizunerako itsasargi.

<< Bertso saioa HEMEN entzungai!!!

Elikagai bilketa egingo du urtero bezela Tolosaldea Sahararekin elkarteak

Tolosaldea Saharekin elkarteak Sahara herriarekiko elkartasuna lortzea du helburu eta horretarako urtero bezala janari bilketa abiatu du. Eskualdeko saltoki handietan, udaletxeetan, ikastetxeetan honako elikagai hauek uzteko deia luzatu dute elkartetik: arroza, hegaluzea, lekaleak, sardinak oliotan, pasta, olioa, azukrea, pixohialak, konpresak… Urtarrilaren 31 bitartean bilduko dituzte elikagai hauek guztiak eta gero otsaila erdialdera bidaliko dituzte Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetara. Aurreko urteetan 10.000 kilo inguru bildu dira Tolosaldean eta erronka horri eustemo asmoa dute aurten ere. Bien bitartean, janari bilketa Saharako herriak bizi duen gatazka politiko larria gizarteratzeko baliatu nahi dute Tolosaldea Sahararekin Elkarteko kideek. Horri buruz aritu zaigu hizketan elkarteko kide den Gregorio Eizagirre. Duela hilabete batzuk bahitu zituzten kooperanteen inguruan galdetu diogu aurrena.

<< Gregorio Eizagirre

"Beste larogei urtian" liburu eta DVDa aurkeztu ditu Bertsozale Elkarteak

Aurten Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 25. urteurrena ospatuko du eta urte hauetako ibilbidea jaso asmoz liburua eta dokumentala prestatu ditu Bertsozale Elkarteak "Beste larogei urtian" izenburupean. Alberto Barandiaran idazleak idatzi ditu liburua eta dokumentalaren gidoia eta horri buruz hitz egiteko gonbidatu dugu Txolarre Irratira. Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria etalanaren sormen prozesuan parte hartu duten Elkarteko hainbat kide ere gerturatu ziren Mintzola egoitzane egindako aurkezpen ekitaldira. Liburuak eta DVDak osatutako paketeak 30 euro balio ditu. Bazkideek 21 euro ordainduta eskuratu ahalko dute Lanku.com atarian edo 943 26 07 55 telefono zanbakira deituz.

<< Alberto Barandiaran

Guraso bananduen elkarteak legearen aldaketa eskatu dute Tolosan

Zaintza partekatuari buruzko lege bat onartzeko eta sustatzeko eskatu dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako guraso bananduak batzen dituen Kidetza federazioak Eusko Legebiltzarrari. Kidetzako ordezkarien arabera, bikoteak banantzen eta bereizten direnean, seme-alabek ezin dute «trukerako txanpon» izan. Genero Indarkeriaren Aurkako Legea «modu maltzurrean» erabiltzea ere salatu dute. Gipuzkoako Agipase elkarteko kideek diotenez, lege aldaketa horren arabera, lehentasuna eman beharko litzaioke zaintza partekatuari.Kidetzako arduradunak alderdietako ordezkariekin bildu dira eta proposamena egoki ikusten dutela azaldu dute alderdi gehienetako ordezkariek. Lege proposamen berria parlamentuan eztabaitu dadin sinadurak biltzen ari dira Kidetza federazioko kideak. Tolosan izan ziren aurreko larunbatean eta bertan egongo dira hurrengo bi asteburuetan ere.

<< Agipase

"Nik ere euskaraz lanean" egitasmoaren berri jaso dugu

Bere ibilbidetxoa egin du dagoeneko Banaiz Bagara elkarteak. Euskararen mundura etorkinak gerturatzeko lana egiten du elkarteak eta Gipuzkoako hainbat herrietara zabaldu da azkeneko bi urteotan. Euskara eskolak ematen dituzte, adibidez, Villabonako Katea etxean astelehen iluntzetan eta jatorri ezberdinetako lagunak biltzen dira bertan euskara lantzeko. Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko koordinatzailea. Azaldu digunez, joan den irailetik hona, beste egitasmo bat ere landu dute Tolosan: NEL- Nik ere euskaraz lanean. Etorkinek lanean euskara erabiltzeko oinarrizko ezagupenak jaso dituzte ikastaro horretan. Bide batez, praktikak egiteko aukera ere izan dute eta salmenta postu bat osatu dute, euskalgintzako hainbat eragilek utzitako hainbat materialekin. Eskualdeko herri ezberdinetan jarri dute postua eta bertatik bertara euskara praktikatu ahal izan dute. NEL egitasmoaren barruan irakasle eta dinamizatzaile bezala lanean aritu da Mikel Aginagalde hernaniarra. Banaiz Bagara elkarteko kideekin izan dugun solasaldia duzue hemen entzungai.

<< Ikasleak
<< Petra Elser
<< Mikel Aginagalde

Tolosako udal gobernuaren lehen sei hilabeteak baloratu ditu EAJk

Tolosako Eusko Alderdi Jeltzalearen udal taldeak agerraldia egin du Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuaren lehen sei hilabeteen balantzea egiteko. Ezertan hasi aurretik jeltzaleek adierazi dute udalaren egoera ekonomikoa sendoa dela. Krisialdi ekonomikoak ordea, eragina izan du aurrekontuetan Tolosako zinegotzi jeltzaleek aitortu dutenez. Udalak nagusiki bi diru sarrera ditu eta bietan izan da beherapena.Behin baino gehiagotan aipatu izan da Tolosak duen zorra. 17 miloi eurotakoa da guztira. Horietatik 12 miloi dira zor bizia eta zinegotzi jeltzaleek aipatu dutenez, urtez urte diru hori amortizatzen ari da inolako atzerapenik gabe. Hori bakarrik ez, Jokin Azkue zinegotziaren hitzetan, urte amaieran soberakinak ere izaten ditu udalak, inbertsio berriak egin ahal izateko. Beraz Tolosako Eusko Alderdi Jeltzalearen udal taldearen iritziz, Udalean ez dago kiebrarik batzuk adierazi eta zabaldu nahi duten moduan. Zorrak baditu udalak, baino horiek kitatzen joateko ahalmena ere bai. Beraz, legealdi hasieran adierazi zuten kezka berritu dute zinegotzi jeltzaleek: anbizio falta dago udal gobernuan eta aurkeztu duten aurrekontu eta proiektuak ez du ilusiorik pizten.2012ko aurrekontuei begira EAJk 15 proposamen berri landu ditu, gizarte ongizatea, enplegua eta ekonomia sustatzeko dira gehienak. Udal gobernuaren aldetik 15etik 6tan ez dute lortu konpromiso sendorik emendakinak aurrera ateratzeko.

<< Agerraldia

Lehen sei hilabeteen balantze positiboa egin du Tolosako udal gobernuak

Maiatzaren 22 udal hauteskundeen ondren, Bildu koalizioak eta Aralar alderdiak osatu zuten Tolosako udal gobernua. Ardura berria hartu eta egin zuten aurreneko lana udalaren egoeraren diagnostikoa egitea izan zen. Ibai Iriarte alkateak baieztatu duenez, 17 miloi euroko zorrarekin egiten dute topo udaletxean eta plan orokor zaharkitu batekin besteak beste. Bildu eta Aralarren ustez, herritarrei bizkar emanez garatutako udal politika eraman da azkeneko urteotan eta horri buelta eman nahi izan diote lehen sei hilabeteetan. Herritarren parte hartzea bultzatu dute udal gobernu berritik eta herritarrekin batzarrak antolatu dituzte, adibidez, Larramendi auzoko urbanizazioaren inguruko proiektuaz hitz egiteko. Auzo horretan, prozesu parte hartzailea martxan jarria dute. Udalak ahalegin berezia egin du, udala berrantolatzeko. Azpikontrataziaoren eta ezegonkortasunaren aurkako eta zerbitzu publiko zein kalitatezko enpleguaren aldeko urratsak eman dituztela azaldu du Tolosako alkateak. Elosegi parkearen desjabetzeak eragin nabarmena izango du Tolosan, ondorengo urteotan aurrekontuak baldintzatu eta udalaren inbertsio ahalmena mugatuko dituelako. Ibai Iriartek egoera oraindik ere gehiago aldrebestu aurretik, 22 urte iraun duen auzia konponbidean jarri dutela nabarmendu du. 2012rako lan ildoei begiratuta, eskualdeko ikuspegia txertatuko du Tolosako Udalak zenbait gaietan eta lidergo politikoa eramango du, esate baterako, ekonomiaren eta enpleguaren sustapenean, zaborraren kudeaketan edota osasun publikoaren aldeko borrokan. Euskararen normalizazioan politika aktiboak bultzatuko ditu udalak aurten eta kultur sorkuntza sustatuko du; emakume eta gizonen arteko parekidetasuna bermatzeko, berdintasun ordenantza baliatuko dute. Krisi ekonomikoaren testuinguruan inbertsioetara bideratutako dirua dezente murriztuko den arren, hainbat egitasmori heltzeko asmoa du Tolosako udal gobernuak: Berazubin, estadioaren berritzea eta etxebizitza eta aparkaleku babestuen eraikuntza, Bidebieta eta Amaroz auzoetako urbanizazioak, Euskal Herri plazako alokairuko bizitokiak, ezker arroko proiektuaren garapena eta Abastos eraikineko goiko solairua.

<< Agerraldia

17.000 eurotik gora bildu ditu aurten Laskoraingo Merkatu Txikiak

Laskorain Ikastolak 16. urtez antolatu du aurten Merkatu Txikia. Eskolako ibilbide pedagogikoan elkartasuna bezalako balioak lantzen dituzte ikasturte osoan zehar eta praktikara eramateko ekimena da Tolosako Kultur Etxean jartzen duten merkatu txikia. Ikastolako irakasle, ikasle eta gurasoak aritu dira lanean, abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra bitartean. Era guztietako trasteak jarri dituzte salgai eta guztira 17.000 eurotik gora atera dituzte. Diru hori bi proiektu laguntzeko erabiliko dira bata Saharan eta bestea berriz Indian. Tolosaldea Sahararekin eta Ibarratik Misio Taldearen bitartez bideratuko dira bi egitasmoak. Koldo Jauregi Merkatu Txikiko antolatzaileek azaldu digunez, urtero gainditu dute aurreko urteetan lortutako diru kopurua aurten izan ezik. Hala ere, aurten bi egun gutxiago iraun du merkatuak eta krisiak ere bere eragina izango zuela uste dute ikastolako arduradunek. Hala eta guztiz ere, Merkatu Txikiaz balorazio positiboa egin du Laskorain Ikastolak.

<< Koldo Jauregi

2011. urteak Tolosaldean eman duen uzta laburbilduta

2011. urteko azken "Tolosaldeko Ahotsa" izan da gaurkoa. Data hau baliatu nahi izan dugu, urteari errepasoa eman eta 2011k eskualdean utzi dituen albiste inportanteenen berri emateko. Aurtengo urtean, aldaketa politiko ugari eman dira eskualdean eta aro berri bat abiatu da. Izan dira gertakizun latzak, adibidez, azaroa hasieran eskualdean izan ziren uholdeak. Kultur eta kirol ekitaldi ugari izan dira eta beste ekimen ugari ere antolatu dira Tolosaldean. Guztiak biltzea zaila den arren, ia ordubetean pasarterik esanguratsuenak bildu ditugu. 2011n zehar Tolosaldeari ahotsa jartzen lagundu duten herritar guztiei eskerrak eman eta 2012. urte hasiera hona opa dizue Txolarre Irratiko lantaldeak.

<< Audio bilduma

Larramendi lurperatzearen aurkako iritzia berretsi du Ezker Abertzaleak

Tolosako Ezker Abertzalea beti agertu da kritiko Voith Gorostidi eremuan eraikitzeko Tolosako Udalak garatu zuen udal proiektuarekin. Desegokia eta ilegala zela argudiatuz, salaketa aurkeztu zion proiektuari epaitegietan eta udal egitasmoa ilegaltzat jo zuten. Bide judiziala erabat itxi gabe dago oraindik. Azkeneko asteotan, Larramendi kalearen inguruan sortu da polemika. Aurreko proiektuan jasota dagoen bezala, kale hori lurperatzearen alde dauden zenbait auzotarren ahotan Ezker Abertzalearen jarreran aldaketa egon dela entzun ahal izan dugu. Herritar hoien ustez, bere garaian etxebizitza kopuru altugatik egin zuen protesta Ezker Abertzaleak, baina ez errepidearen lurperatzeagatik. Egozten zaion jarrera aldaketa honen aurrean, argi hitz egin du Tolosako Ezker Abertzaleak: beti egon dira lureratzearen aurka. Proiektuari epaitegietan helegitea jarri ziotenean gainera, puntu hau bera azpimarratu zutela aipatu du Aitor Iztueta auzibide horretan lege ordezkaria izan zenak. Tolosako Ezker Abertzaleak gaur egungo udal gobernuak mantendu duen jarrera goretsi nahi izan du. Ezker Abertzaleak iragarri du eztabaida eta informazio prozesuan parte hartuko duela eta erabakitako proposamenaren izaera loteslea onartzeko konpromisoa hartzen duela. Are gehiago, auzoko bizilagunek, herriko alderdi politiko, eragile eta gizataldeek prozesu parte hartzaile eta demokratikoa abiatzen badute, Ezker Abertzaleak martxan jarri dituen auzibideak epaitegietatik erretiratzeko eratzunkizuna hartuko du. Antton Izagirre eta Aitor Iztuetak hitz egin dute agerraldian.

<< Tolosako Ezker Abertzalea

Tolosako Udalarekin euskaraz egiteko kanpaina aurkeztu dute

Tolosako Udalarekin euskaraz, zure eskubidea delako kanpaina aurkeztu berri dute. Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionalean azpimarratu zuten bezala, euskararen erabileran eragin nahi du Tolosako Udalak. Kanpaina honetan, euskara ikasten ari diren herritarrak hartu dituzte gogoan eta Udalarekin dituzten harremanetan euskaraz egitera animatu dituzte. Kanpainaren barruan, kartelak jarriko dituzte eta komunikabideetan ere iragarriko dute euskararen erabilera sustazeko ekimena.

<< Aurkezpena

Frankismoa eta Trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean

Egitasmoa ez da ezerezetik sortzen. Alderantziz, gauzatutako beste lan baten jarraipen naturala da honakoa. 2008an, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzak eta Galtzaundik 1936ko gerrako oroitzapenak liburua argitaratu zuen. Bertan, Mikel Errazkinek burututako ikerketa lan zientifiko eta zehatzak datu ikaragarriak eskaini zizkigun; Joxemi Saizarrek, berriz, datuak humanizatu egin zituen, gerrako zuzeneko protagonistei egindako elkarrizketen bidez. Abiapuntua finkatua zegoen beraz eta haren gainean ondu da lan berria. Joxemi Saizarrek elkarrizketen pisua hartu du berriro ere eta Jon Mintegiaga Mindek, kontakizunarena. Martxelo Otamendik hitzaurrea idatzi du, garaiak eta proiektuaren nondik norakoak kokatuz. Emaitza, erabat irakurterraza eta arina den liburu bat izan da, 260 orrialderen bueltan dabilena. Guztira, elkarrizketatuak 40 bat lagun izan dira, garaiko bizitza politiko-sozial-kulturalean adierazgarriak izandakoak denak. Horietatik, 16 elkarrizketa, bere osotasunean liburuan argitaratuak izango dira. Gainontzekoen esanak kontakizuneko pasarteak osatzeko erabili dira. Aurkezpenean egileek egindako hitzak dituzue entzungai.

<< Aurkezpena

Arrandegi eta harategietan erabitzeko ontzi berrerabilgarria Villabonan

Amasa Villabonako Udalak eta Gizarte Kutxa Ekoguneak elkarlanean, ontzi berrerabilgarrien aldeko kanpaina jarri du martxan. “Ontziratu zaitez” lelola jarri diote kanpainari, Villabonako arrandegi eta harategietan produktu freskoak erosten ditugunean, inolako plastikozko poltsa edo paperik erabili gabe, zuzenean erosketa ontzi berrerabilgarrietan sartu eta etxera eramateko aukera ematen du kanpainak. Hiru helburu lortu nahi dituzte ontzi berrerabilgarri hauekin. Esperientzia ez da berria, Hernanin eta Donostiako San Martin azokan probatu dute eta Villabonako udala kontsumo jasangarria eta zaborren murrizketarekin kontzientziatuta dagonez, Ekogunearekin elkarlanean jarri du kanpaina hau martxan Villabonan. 2000 ontzi berrerabilgarri banatuko dituzte beraz egunotan Villabonan. Famili bakoitzeko bat, gutxi gora behera. Herritarrek, Berdura plazan jaso ahal izango dute horretarako propio jarritako ordutegian. Azalpenak, Rosa Arregi ingurumen zinegotziaren eta Amaia Otazu Ekoguneko arduradunaren ahotik.

<< Aurkezpena

Amaiur izan da indarrik bozkatueta Tolosaldean

<< Tolosaldeko EMAITZAK bistadazo batean
Txolarre Irratia. Sakabanatua 5, 20270 Anoeta Telefonoa: 943 69 80 38 Fax: 943 65 09 67 E-posta: txolarrefm@euskalnet.net