sorrera

2000. urteko abenduan Tolosaldean martxan jarritako euskarazko irratia da Txolarre. Bost urteotan, ekinaren ekinaz, egitasmo komunikatibo honen oinarriak zehaztu ditugu. Praktikak eraman gaitu horretara.

Oraindik gaztea den irratia da Txolarre, baina hala ere, eredu propio baten oinarriak finkatu ditugu. Ez dugu beste irratiekin lehiatu nahi (haien hutsuneak bete baizik). Eskualdeko euskarazko herri irrati baten eredua ezarri nahi dugu. Gertukoa eta euskaraz den irrati batena. Geure eredua, geurera egokitua.

eraketa

Eraketari dagokionez, Txolarre Irratia martxan jarri zuen talde eragilea da irratia sostengatzen duena. Talde eragile horretan parte hartzen dute baita ere, irratian aritzen diren profesional, eragile eta norbanakoek. Talde eragilearen ezaugarriak honako hauek dira:

a) Erabakietan ahalik eta irratiko partaide gehienek parte hartzea nahi dugu. Esatariak, kolaboratzaileak, bazkideak… guztiak dira Txolarreko kide

b) Guztiak dira garrantzitsuak komunikazio egitasmo honen, konpromiso mailak handiagoak edo txikiagoak izan.

c) Irratian parte hartzen dugun guztion artean lana banatzera jo behar dugu.

d) Ahal dela kontsentsuz hartuko dira erabaki horiek, gehiengoaren bidez erabakitzea azken errekurtsoa izanik.

Irratian parte hartzeko modu diferenteak daude, hortaz. Hala ere, programazioari begira, bi eredu nabarmentzen ditugu.

a) Borondatezkoa: batzuen eta beesteon arteko hartu emana da bultzatu nahi duguna Txolarre Irratian. Programazioaren zati handi bat, herritarrei eta gizarte eragileei eskaintzez zaie, auto eraketa bultzatuz.

b) Profesionala: lehen aipatu bezela, eguneroko dinamikak eraman gaitu eredu profesional hau garatzera. Ordaindutako lana, borondatezko lan horren osagarri da. Pertsona liberatuek funtzio zehatzak dituzte irratian.

oinarriak

Talde eragile horretan beraz, irratian parte hartzen dugun lagunok, gutxieneko puntu komunak adostu ditugu gure jardunerako, inongo alderdi politiko edota taldeekiko autonomoki eta independenteki:

a) Lan esparrua: Txolarre Irratiaren esparrua Tolosaldea da. Euskal Herriko Gipuzkoa herrialdean kokatuta dagoen eskualdea. Gainontzeko munduko herriekiko elkartasuna bultzatzen dugu gure lan esparruan.

b) Hizkuntza: euskara hutsean burutzen dugu geure programazio osoa. Tolosaldean euskararen normalizazioan eragin nahi dugu. Horrekin batera, gure eskualdeko euskalkia ere landu nahi dugu irratian.

c) Aurrerakoia: gaur egungo Tolosaldeko giza egoera aldatu nahi duen irratia da gurea. Eredu alternatiboak bultzatu nahi ditugu. Hainbat printzipiotan oinarritzen gara.

a. Komunikazioa eta eztabaida bultzatu nahi ditugu jendartean.

b. Dibertsitatea bultzatu nahi dugu, pentsamolde bakar baten aurrean.

c. Gureak ez diren beste kulturei arreta jarriko diegu, aberastasun iturri baitira guretzako.

d. Errepresio forma guztiak salatu eta agerian jarriko ditugu: etxean, eskolan, lanean, kartzelan… ematen dena.

e. Emakume eta gizonen arteko parekidetasuna bultzatuko dugu. Emakumearen parte hartzea bultzatuz irratian bertan, hizkuntza ez sexista erabiliz…

f. Sexu aukera dela-eta sor daitekeen diskriminazioa ere ez dugu onartuko.

g. Naturaren suntsiketaren inguruko salaketek tratu berezia izango dute tartean.

h. Esplotazioa lan munduan, lan baldintza okerrak eta giza bazterketa salatuak izango dira Txolarre Irratian.

finantziazioa

Finantziazioari dagokionez, ekonomikoki ahalik eta proiektu autonomoena izaten saiatzen da Txolarre Irratia. Lau finantzaketa iturri bereizten ditugu:

a) Iturri propioak: helburu propagandistiko edota ekonomikoekin antolatzen diren ekimenak dira. Tolosaldeko herrietako jaietan jartzen diren txosnak, kontzertuak, emanaldiak… Horrekin batera, materialen salmenta, metxeroak, kamixetak eta horrelakoak salduz ere finantzatzen dugu irratia.

b) Tolosaldeko Udalen diru laguntzak: oraindik ere gehiago jorratu beharreko bidea da hau. Eskualdeko Udalak ere, egitasmo honetan bide lagun izan nahi ditugu. Administrazioak era askotako ekarpenak egin ditzake, tartean ekonomikoak. Txolarre Irratiak begi onez ikusten ditu ekarpen hauek, beti ere subentzio horiek gure proiektu komunikatiboa baldintzatzen ez badute. Auto finantziazioa da euskarazko hedabideen helmuga, baino geure hizkuntza normalizatu bitartean, erakundeek Txolarre bezelako proiektuak babesteko ardura dutela uste dugu.

c) Publizitatea:arlo hau ere jorratzen dugu Txolarre Irratian. Eskualdeko saltoki, lantegi, talde eta eragileei publizitatea egiteko aukera ematen diegu. Bertatik bertara, eskaintzen dutenaren berri zabaldu dezakete eskualdean. Bide batez, merkataritza edota lan mundua bezelako esparruak euskalduntzen lagundu nahi dugu. Publizitate tarifak Txolarre Irratian.

d) Bazkideak: orain arte gehiegi jorratu ez dugun arren, Tolosaldean irratia babestu nahi duten lagunei bazkide egiteko gonbita luzatu nahi diegu. Izan ere eurek bermatzen dute herrian sustraitutako egitasmoaren independentzia eta autonomia. Noski, iradokizunak, kritikak edo dena delakoak egiteko eta irratian era aktiboagoan parte hartzeko aukera dute bazkideek. Egin zaitez bazkide.

Txolarre Irratia. Sakabanatua 5, 20270 Anoeta Telefonoa: 943 69 80 38 Fax: 943 65 09 67 E-posta: txolarrefm@euskalnet.net